Lehiaketaren Oinarriak
BILBO LORATEGIA 2011 HIRIKO LORATEGIEN NAZIOARTEKO HIRUGARREN LEHIAKETA.
LEHIAKETAREN XEDEA
Bilbo Lorategia 2011 lehiaketaren hirugarren edizioak 20 gune aurkeztu nahi ditu gure hirian, eta egileek lorezaintza berriari buruz duten ikuspegi berezia proposatu nahi du bertan.
20 gune horiek bereziki aukeratutakoak dira sormen-sare bat eratzeko, Bilboko hiritar guztiek eta bisitariek hirian eta auzoetan gaindi egindako ibilaldi batez gozatu dezaten eta aldi berean lehiaketako lorategi guztiek osatzen duten erakusketa ikusi eta disfruta dezaten.
Bilbo Lorategia 2011 lehiaketaren hirugarren edizioak gonbidapen bat egin nahi die parte hartu nahi duten lorezain, paisajista, arkitekto edo beste edozein sortzaileri beren sormena gara dezaten. Erakusketaren gaia librea da. Baina lehiaketa irekirik dago parte hartu nahi duten pertsona edo lantalde guztientzat.
Beste alde batetik, antolakuntzak bereziki baloratuko ditu sormen-lanen oinarri nagusi gisa materia bizian bermatzen diren proposamenak, hau da, landaretzan, izan ere, bilduma botanikoaren (zuhaitza, zuhaixka, bizikorra, tapizatzailea, igokaria, lorea, uretakoa, zukutsua, etab.) erabilera hori ezagutarazi nahi diegu hiritarrei.
BALDINTZA OROKORRAK
Parte hartzaileek 80 m² inguruko azalera dute beren proposamenak zehazteko, azalera hori trenbide-trabes ekologikoek inguratuko dute nagusiki, eta gutxi gorabehera 45 cm.ko landare-estalkia sostengatuko dute.
Landare-estalkiaren itxitura eta euste-sistemarako beste egitura batzuk proposa daitezke, baina antolakuntzak erabakiko du euste hori ezar daitekeen ala ez edota aukeratutakoen kontura egin beharko den.
80 m²ko gunearen forma, ahal dela behintzat, geometria erregularrekoa izango da eta oinarriko proiektuan definitu beharko da.
Parte hartzaile guztiek jakin behar dute beren proposamenean jasotako itxitura zertxobait alda litekeela, baldin aukeratutako kokapenak hala eskatuko balu.
Antolakuntzak aukeratuko ditu azken lehiaketan parte hartuko duten 20 proiektuak, eta bakoitzari dagokion gunea esleituko dio, gune horiek hiri-eremuak edo berdeguneak izan daitezke.
Hala nahi badute, zuzenez hautatutako lehiakidetzat joko dira 2009ko edizioko herri bozketako irabazlea eta epaimahaiak aukeratutako bigarren eta hirugarren sailkatuak.
Bilboko Udalak eta Udalaren Parke eta Lorategi Sailak parte-hartzaileen esku jarriko dituzte sormen-guneko inguruaren itxitura eta landare-estalkia, baldin eta oinarri hauetako baldintza orokorrak betetzen badituzte.
Lehiaketak seina mila euroko laguntza (zergak barne) emango die aukeratutako 20 proiektuei.
Lehiakideek hornitzaile, artista edo profesional jakin batzuen laguntza jaso ahal izango dute bere proiektua gauzatzeko, eta horiek isla bat izango dute egindako lanean. Baina lehiaketaren eraginetarako, lehiakidea izango da solaskide bakarra.
Aukeratutako 20 proiektuak ikusgai egongo dira estrategikoki hautatuko diren beste horrenbeste kokapenetan.
Epaimahaiak aurretik zehazturik dauden balorazio irizpideen eta baldintza teknikoen betetze mailaren arabera aukeratuko ditu lehiaketako irabazlea eta bi akzesitak.
PROIEKTUAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK
Kontuan hartuko dira proposamenaren sormena eta sormen-arriskua, hala nola teknologia berrien erabilera.
Diseinatzaileek erakusketa egingo den sasoirako bezain indartsuak diren landareak erabiliko dituzte.
Epaimahaiak kontuan hartuko ditu berrikuntzak landareen alorrean, baina ez dago debekaturik landare klasikoak erabiltzea.
Kontuan hartuko da diseinatzaileek darabilten kolore-paletaren originaltasuna eta elkarketa egokia, osagai horiekin biziki lorategi loretsuak era daitezkeelako.
Epaimahaiak kontuan hartuko du lorategiko landare-konposizioak erakusketa aldi osoan iraun dezakeela.
Litro anitzeko edukiontzietako zuhaitzak eta zuhaixkak, landare iraunkorrak (urtekoen moduan haziak) eta urteko landareak hobetsiko dira, beti ere gogoan izanik zuhaitzak eta zuhaixkak erro-lurrarekin aldatzeak sasoi batzuetan oso emaitza txarrak ematen dituela.
Kontuan hartuko da aurrekontuaren eta lortutako efektuaren arteko erlazioa.
SARIAK
Bilbo Lorategia 2011 lehiaketaren hirugarren edizioak Bilboko parke edo lorategi publiko batean egingo den proiektu egonkor batekin sarituko du irabazlea (lorategi berri bat egiteko edota aurretik dagoen bat konpontzeko) eta proiektu horren ordainsaria 30.000 eurokoa izango da, zergak barne. Bestalde, antolatzaileek aukera izango dute herri bozketa bat egiteko lorategi onena aukeratzeko. Herri bozketa bidez hautatua denak hurrengo edizioan automatikoki parte hartzeko aukera izango du.
Jasotzen diren proposamen guztiak Bilboko Udalaren jabetzakoak izango dira eta berak erabili ahal izango ditu oinarri sortzaile, katalogo, publizitate, instalakuntza eta abarretan.
BALDINTZA TEKNIKOAK
Obrek ez dute arriskurik izango bisitarientzat (erori, ebaki, sumindu edo pozoitzeko arriskua).
Lorategietan ezin da inolako konexio elektrikorik egin horiek ikusteko edota funtzionarazteko. Kontuan hartu behar da “eguneko lorategiak” direla gehienbat.
Obra mantentzeko lanak ohikoak izango dira: belarrak kentzea, bideak garbitzea eta ureztatzea
(mantentze lanetako langileek ezin dituzte bere gain hartu lan bereziak eta errepikakorrak).
Banaka edo taldeka parte har daiteke, eta parte-hartzaile guztien obraren curriculuma aurkeztu behar da.
Lehiaketan aurkeztutako proiektuei honako hauek erantsiko zaizkie: planoak, perspektibak, maketak eta behar diren euskarri guztiak antolakuntzak albait hobekien uler dezan proiektua.
Proiektuek deskribapen-memoriaren, exekuzio-memoriaren eta aurrekontu zehaztuaren bina kopia aurkeztu beharko dituzte, eta baita mantentze-lanetako protokoloa ere lorategia behar bezala zaintzeko.
Lanak DIN A-3 formatuan eta 1:100 edo 1:50 eskalan aurkeztuko dira.
Halaber, horretarako bidea ematen duen material ororen formatu digitaleko bina kopia ere aurkeztuko dira.
Proiektuaren eta parte-hartzaileen izena (banakakoa edo taldearena) euskarri guztietan zehaztu behar da eta ezingo da aldatu proiektua gauzatu eta instalatzen den bitartean.
Landatzen diren landareen nomenklatura zientifikoa jasotzen duen plan bat aurkeztuko da.
Material suntsikorrei dagokienez, kopurua eta horiek berritzeko maiztasuna zehaztu behar da, baita berariazko materialari dagokion aurrekontua ere.
Proiektuak bisitariarekin nolabaiteko elkarreragina badu, irisgarritasun proposamen argi bat zehaztuko da, arreta berezia eskainiz ezintasun fisikoren bat duten bisitariei.
Ezin da inola ere hiriko hiri lurzorua zulatu. Baldintza hori betetzen ez duten parte-hartzaileak automatikoki deskalifikatuak izango dira.
LANAK GAUZATZEKO BALDINTZAK
Lorategiak egiteko lan guztiak antolakuntzaren gainbegiratupean burutuko dira.
Lorategia eraikitzeko lanak hautagaiek berek egin beharko dituzte eta egiaztatu beharko dute indarrean dagoen lan legeria betetzen dutela.
EPEAK
Parte-hartzaileek 11/01/20a baino lehen emango dizkiote beren proiektuak Bilbao 700 Fundazioari (Zabalguneko eraikina, 11.1. Bilbo 48009) Erreferentziatzat hartuko da proiektua bidali zeneko eguna. 48009).
11/03/04an jakitera emango dira aukeratutako proiektuak
20 parte hartzaileak aukeratuak izan ondoren burutze lanak abian jarri beharko dituzte, eta erakusketa ziurtatzeko, lanek aurrera egin ahala antolakuntzari urratsen berri eman beharko diote.
Lehiakideren batek lehiaketara aurkeztutako proiektua betetzen ez badu, antolakuntzak eskubidea izango du lehiakide hori inolako konpentsaziorik gabe lehiaketatik kanporatzeko. Horretarako, antolakuntzak egiaztapenak egingo ditu proiektuak ekoizten edo gauzatzen diren bitartean. Epaimahaiak aukeratutako proiektuaren funtsa mantendu behar du azken emaitzak.
Erreserbako beste bost aukeratuko dira, eta hauek aukeratutako proiektuak ordezkatu ahal izango dituzte, baldin itundutakoa betetzen ez badute edo ekoizpen edo gauzatze prozesua kolokan badago.
Parte-hartzaileek beren guneak mantentzeko lanetako protokoloak aurkeztu behar dituzte nahitaez. Elkarreragina izanez gero, egileek erantzukizun zibileko aseguru-poliza aurkeztu beharko dute, zeren eta haiek izango baitira beren guneetan gertatutako edozein istripuren erantzule.
11/05/15ean ezarriak edukiko dituzte euste petoak inguru guztian, proiektu bakoitzaren ezaugarrien arabera.
Lanak 11/05/16tik 11/05/25era bitartean egingo dira
Maiatzaren 26an Epaimahaiak gune guztiak bisitatuko ditu erabakia hartu baino lehen.
Erakusketa 11/05/27an inauguratuko da eta sariak jakinarazteko ekitaldia egingo da.
Erakusketa 11/07/10ean itxiko da.
Ikusgai dauden elementuak 11/07/13a baino lehen kendu beharko dira, erakusketariaren erantzukizunpean, Udalak kenduko duen peto perimetrala izan ezik.
11/07/13an guneetan dauden elementu guztiak bertan behera utziak izan direla ulertuko da eta Udalak kendu, suntsitu edo berrerabili egingo ditu; Udalak lan horien kostua laguntzatik deskontatzeko eskubidea du.